Victor de Broglie
Achille Léonce Victor Charles, Broglieko III. dukea (Paris, 1785eko azaroaren 28a - ibidem, 1870eko urtarrilaren 25a) frantziar politikari eta diplomazialaria izan zen. Frantziako lehen ministro izan zen Uztaileko monarkian 1830ean eta 1850etik 1836ra.
Nobleziaren familiakoa eta Broglieko bigarren dukearen biloba, bere aita gillotinatuta hil zen eta amak erbestera eraman zuen, Robespierre erori ondoren Frantziara itzuliz. 1804an aitona hil ondoren, Broglie dukerria heredatu zuen.
1809an Estatu Kontseiluko kide izendatu zuten eta Napoleonek misio diplomatikoak eskatu zizkion. Borboiak itzultzean, Luis XVIII.ak pare izendatu zuen. Doktrinarioen edo liberalen Alderdiko kidea izan zen, eta Uztaileko Monarkiaren hasieran lehen ministro izendatu zuten 1830eko uztailetik abendura iraun zuen agintaldi labur batean. 1832tik 1834ra Kanpo Arazoetako ministroa izan zen, eta 1836an berriz ere gobernuburu izan zen. Gobernua zuzendu zuen urtean, Estatu Batuekiko ituna berretsi eta prentsa-askatasuna murriztu zuen.
Ez zuen atseginez onartu 1848an Errepublika aldarrikatzea, baina Batzarreko kide aukeratu zuten eta, ondoren, Napoleon III.aren inperioaren etsai handienetako bat izan zen.
1856an Frantses Akademiako kide hautatu zuten.